Teknologia albisteak

Keinu bat Egunean Behinetik modan jarri diren euskarazko beste jokoei

Erabiltzailearen aurpegia
2022-01-31 : 12:10

Gaur hasi dugun Egunean Behin jokoaren denboraldi berrian galdera-sorta berezi batzuk igarriko zenituzten jokalariok (tokatu baldin bazaizkizue hamarreko sortan). Irudian bezalakoak, Wordle eta Berbaxerka jokoari erreferentzia egiten diotenak. Keinu bat da, zeren joko hauek ez dira elkarren lehia, baizik eta ekosistema txiki hau osatzera datozen beste bi ekimen probetxuzko.

Berbaxerka eta Wordle ezagunak egin dira euskaldunon artean gaur amaitzen den urtarril honetan. Lehentxoago, ospea izan du bataren katalanezko bertsioak (Paraulogic), eta ingelesezko Wordle-ak ere.

Joko-zaletasuna mugikorretako denborapasa nagusietako bat dela gauza ezaguna da, baina euskaraz zein katalanez hizkuntzarekin lotuta dauden jokoek berebiziko oihartzuna izatea bada zerbaiten adierazgarri. Ez da kasualitatea, atxikimendu bat dago: bihotzean zerbait esaten dion edukia maite du euskaldunak eta katalanak, eta hortik ulertzen da joko hauen arrakasta.

Potentzial bat dago hor. Uste dut etorriko direla gehiago. Izatez, ez bakarrik hizkuntza gutxituetan, hizkuntza handietan ere hitzekin, alfabetoarekin lotzen diren jolas eta lehiaketak erakargarriak dira askorentzat. Espainian, “telebistako urrezko minutuak” dira gaueko 9k bost gutxi aldera, Antena 3 katean, Pasapalabra jokoan Roskoa jokatzen dutenean; hurrenkera alfabetikoan hitzak asmatzeko proba interesgarri bat.

Beste lagun batzuek ere berdintsu pentsatzen dute. Kike Amonarriz lehiaketa-zale eta soziolinguistikak aspaldi dihardu ludolinguistika aldarrikatzen (hemen bere hitzaldi baten kronika, duela 10 urte Sustatun jasoa).

Berrikiago, artikulu honetan nabarmendu zuen Gorka Juliok hementxe diodan berdina, joko hauen arrakasta hizkuntzarekin oso lotua dagoela, eta aldi berean Homo ludens delakoa, gizaki jokalariaren irudia, aldarrikatu zuen: "Olgetan ibiltzea jada ez da soilik denbora-pasa bat, bizi-pasa batean bilakatu zaigu. Bizitza bizigarri egiteko ezinbesteko bat. Estres kogniktiboaren kontrako eta akaso antsietate eta depresioari aurre egiteko bidexka bat. Gauza asko ditu onak jolasak, joko bihurtzen ez den bitartean. Jokoak zu zaitu, jolasa zuk duzu."

Hortaz, adi 2022 honetan: hizkuntza joko gehiago, baita euskaraz ere, mugikorrean eta akaso telebistan ere. Gustatzen zaizkigulako, interesgarriak direlako, eta bihotzean poztasun pixkatekin kateatzeko potentzialitatea dutelako gu bezalako hiztun diglosiko beti negartion artean.

 

Erantzun

Sartu